“Musika eta ahotsa orekatzea dugu xede”

October 20, 2008

“Pertsona baten bila” abiatu dira SEIREN TALDEKOAK aurreneko diskoan. Bizkaitarrek popa eta folka dituzte bidelagun.

Kriseilua ere musika tresna gisa hartuta, Seiren taldeak bere bi urteko ibilbidea Pertsona baten bila (Babel Musik, 2007) izeneko lehen lanean bildu du. Pop-rock eta folk musikaren artean kokatzen den proposamena da. Gaztea, sentibera eta argitsua. Ilusiorik falta ez duena. Zazpi bizkaitarrek osatzen dute taldea. Batetik, Jokin (ahotsa eta biolina) eta Onintze (gitarra akustikoa eta ahotsa) sortzaileak ditugu. Bestetik, abenturara bat egindakoak: Alex (teklatua eta akordeoia), Txaber (gitarra elektrikoa), Aritz (whistleak) eta Carlos (bateria). Aipatutako lehenarekin, Jokinekin, izan ginen:

seiren

1 Seiren. Sei musikarik bat egin dute…
Seiren osotasuna da guretzat, sei taldekideren elkarlana. Bakoitzaren identitate eta ezaugarriak bat eginda sortu zen taldea. Hala ere, zazpigarren kidearen beharra ikusi dugu grabazio prozesuaren ostean. Xabi Vallek estudioan egindako lana zuzenekoetara eramango du orain.

2 Pertsona baten bila izena jarri diozue lehendabiziko diskoari. Nolakoa da aurkitu nahi duzuen hori?
Gure lehen urrats honetan, gure hitz eta musikarekin bat egingo duen norbait bilatu nahi dugu. Bakarra izanik ere, gure helburua burututzat eman dezakegu.

3 Pertsona horren bila bederatzi saio egin dituzue. Bederatzi kantu. Sentimenduz, kolorez eta melodiaz beteta daudenak. Zer transmititu nahi duzue abesti bakoitzarekin?
Kantu bakoitza bizi izandako une zehatz batean egindako argazki baten isla da. Bizitzako sentimendu eta egoerak kontatzen dituena. Bakoitzak bere erara interpreta ditzakeenak. Abesti bat egiteko orduan, musika tresnen eta ahotsen arteko oreka bat lortzea dugu helburu. Kantu bakoitzak eskatzen duen adina elementu sartzen ditugu, instrumentuak jo edo ez jo, abestu edo ez abestu, kantuaren beharrizanetara moldatuz, arnasa har dezaten.

4 Grabazio eta moldaketak Mutrikuko AME estudioetan egin dituzue, Axularrekin batera. Masterizazioa, ordea, Balea Musika Ideiak estudio ezagunetan. Ekoizpen zaindua.
Bai; gainera, Dabid Nanclaresen laguntza izan dugu produkzio lanetan, eta hori eskertzekoa da. Gainontzean, oso esperientzia aberasgarria izan da. Ilusio handiz egindako lana. Grabazio prozesua hasieratik bukaerara jarraitzeak diskoaren ikuspuntu orokorrago bat eman du. Asko ikasten da, eta guk ere asko ikasi dugu, nahiz eta oraindik ikasteko asko daukagun.

5 Pop-rock talde gisa definitzen duzue taldea. Diskoa entzun orduko ukaezina da. Nolanahi ere, folk elementuen garrantziak apur bat moldatzen du zuen proposamen musikala. Aberastasunaren alde?
Taldekide bakoitzaren ezaugarri pertsonalen eragin zuzena da, Seiren taldeko musika tresnen sonoritateek sortzen dutena. Ezaugarri horiek taldearen aberastasunaren alde jokatzen dute, pop, rock eta folk musika nahastuz.

6 Horretarako, berezko biolin hotsarentzat gehigarri modura Xabier Valle musikaria izan duzue folk laguna. Garrantzitsua zuen musikan.
Erabakigarria izan da Xabierren parte-hartzea. Berak estudioan egindako lana hain garrantzitsua izan da, zuzenekoetara eramango dugu hemendik aurrera. Izan ere, whistleak Seiren taldearen soinuaren ezaugarri bihurtu dira.

7 Azken orduko trena abestia eredu hartuta, El Sueño De Morfeo taldearen antza duzuela esan dizuete inoiz?
(Barreka) Bai! Hainbat talderekin alderatu gaituzte. Normala da antzeko instrumentuak erabiltzen dituzten taldeekin konparatzea. Alabaina, taldekide bakoitzak bere eragin propioak ditu, denak desberdinak. Guk eragin hauen arteko oreka bat besterik ez dugu bilatzen, eta Seiren da honen emaitza.

8 Horrez gain, popa eta folka nahasten azken euskal taldea izan zarete. Iristen azkenak. Aurretik Sorotan Bele eta Rhune ditugu, bi aipatzearren… Jarraitu dituzue bi talde hauek?
Ez asko. Sorotan Bele gure haurtzaroan entzuten zen taldea da. Egia esanda, gure gaztetasunagatik, ez genuen taldea jarraitzeko aukera handirik izan, nahiz eta orain nostalgiaz gogoratu.

9 Egiten duzuen musikak betetzen zaituztete?
Pozik gaude egin dugun lanarekin; hala ere, zaila da norberak egiten duenarekin erabat konforme geratzea. Baliteke gaur betetzen gaituen horrek bihar hutsik sentiaraztea, eboluzio baten parte baino ez da. Nork daki zein bide jarraituko dugun?

10 Diskoak bere erakargarritasuna du, eta erraz entzuten da. Baina zer moduzko erantzuna izan du orain arte jendearen artean?
Oraingoz, erantzun ezin hobea izan du. Durangoko Azokan izandako harrera oso ona izan da, eta adin guztietako entzuleak ditugula ikusi dugu harriduraz. Oraingoz oso gustura gaude; hala ere, goiz da ondorioak ateratzeko, zuzenekoetan izango dugun erantzunaren zain gaude.

11 Kontzertuen bidez diskoa aurkezten hasiko zarete zazpiak. Zerbait berezia eskaintzea pentsatu duzue?
Diskoa bere horretan aurkeztuko dugu Euskal Herri osoan. Lehenengo aretoetan, eta gero, udari begira, herriko jaietan. Oraingoz, bi data ditugu. Urtarrilaren 19an, Santurtziko Xtreme aretoan eskainiko dugu kontzertua, eta otsailaren 8an, berriz, Sondikan.

SARERA BEGIRA
www.myspace.com/seirentaldea

Jatorria Matraka.info