Keu Agirretxeari elkarrizketa

January 12, 2009

A l’Euskal Etxea, el 23 de Gener a les 22.30h

Elkarrizketa hau BOGA bidez euskara ikasten ari diren ikasleek prestatu dute Keu Agirretxearentzat, zeinek urtarrilak 23an Bartzelonako Euskal Etxean kontzertua eskainiko duen.
Keu Agirretxearen ibilbidea jarraitu duenak ezagutzen du musikari ondarrutar hau ez dela geldirik egotekoa, une oro sentimenduak eta emozioak azaltzeko bide berrien bila ari dela baizik. Kti, Psychophony eta Etsaiak taldeetan gitarra trash, metal eta hardcore basatiaren zerbitzura jarri ondoren, UEK izenaz jabetu eta bakarkako sorkuntzari ekin zion, lan instrumentalari emana lehen hiru diskoetan, eta rock klasikoko talde bilakaturik azkenengoetan. Tartean, Fjord hard-rock taldea sortzeko astia izan zuen. Orain, izena eta abizena harturik, bera den bezala ageri zaigu, kantautore formatuan, Une akustikoa disko labur baina indarberritzailearekin.

keu

Zergatik aldatu duzu estiloa, maiteminduta zauda ala?
Ez dut uste estilorik aldatu dudanik, hau beste proiektu bat da, UEK geldiune baten dago eta bitartean formatu akustikoan grabatu dut disko berri hau.
Beste bide paralelo bat besterik ez da.

Zergatik abesten duzu euskaraz bakarrik?
Nire hizkuntza hori da eta horrela adierazten naiz. Agian kolaborazio bat egin dezaket beste hizkuntza batean, baina nire kantuak seguruenik euskaraz abestuko ditut beti.

Musikaz bizi al zara? Erraza al da musikaz bizitzea?
Ez da erraza musikaz bizitzea. Kontzertuak eskaintzen soilik bizitzea oso zaila da, eta diskoen salmentetik bizitzea ba bueno…pentsa. Musika eskoletan lan egiten dut joan den 10 urtetan, gitarra elektrikako klaseak ematen, eta hori zuzenekoekin konpaginatzen dut.

Euskal musika, zure iritziz, norantz doa? Egin iezaiguzu etorkizuneko garapena…
Euskal musikak beti izan du indar berezi bat, eta mugimendu handia dago. Leku asko daude jotzeko, disketxeak proposamen asko kaleratzen dituzte, eta urtean zehar disko asko editatzen dira. Eta uste dut horrela jarraituko duela. Naiz eta euskaraz abestu, taldeak beti irten dira kanpora jotzera eta erantzun ona izan dute. Espero dut denak berdin edo hobeto segitzea.

Nortzuk dira munduko zure talderik gustokoenak? Zein musika gustatzen zaizu?
Edozein musika entzun dezaket, transmititzen badu behintzat…
Talde asko gustatzen zaizkit, Rush, John Frusciante, Black Sabbath, Faith no more, Incubus, The mars volta, Sade, Entombed, Fugazi…

Nolakoak izaten dira zure kontzertuak?
Bikote bat gara, Mikel baxuan eta ni ahotsa eta gitarran. Formatu akustikoan joaten gara eta azken diskoko kantuez gain, UEKen kantuak ere jotzen ditugu.
Ordu beteko emanaldia eskaintzen dugu eta oso amenoa da, erritmo lasaiak eta melodiak dituzte pixua.

Ezagutzen ez zaituen jendearen aurrean, nola definituko zenuke zure burua?
Kreatiboa, kuriosoa ( dena interesatzen zait ), sinisten dudan gauzetan entregatua,
pertsona ¨erraza¨ …

Zer ezagutzen duzu Bartzelonatik? Bartzelonan lehen kontzertua ahal da?
Etsaiak taldearekin askotan jo izan dut Bartzelonan eta Kataluñean, Fjord taldearekin ere izan giñen jotzen Razzmatazen S.A rekin.
Eta leku askotan izan gara, baina gehienetan bixkat ¨desfasatuta¨ ibiltzen giñen, uste dut beti gaupasa egin dudala, ea zer gertatzen den oraingoan…

Napoka Iriari elkarrizketa

November 18, 2008

Euskal Etxean euskara ikasten ari diren 4.mailako ikasleek galderatxo batzuk prestatu dituzte Napoka Iria taldeak erantzuteko, Euskal Etxean datorren larunbata hilak 22an emango duten kontzertuaren aurretik.

napokairiagray

1) Musikaz bizi al zaitezkete ala beste lan bat daukazue?

Gaur egun oso zaila da musikaz bizitzea. Rock taldeetan batez ere. Nik dakidala Euskal Herrian oso talde gutxi bizi dira musikatik. Eta gure kasuan ere ez digu ekonomikoki askorako ematen.

2) Zer da zuentzat arrakasta?

Zuk egindakoaren gustura eta beteta sentitzea da guretzat arrakasta. Ez daukagu gaur egungo “arrakasta” terminoarekin ulertzen den guztia lortzeko intentziorik. Ezagun izatea, dirua… Bizitzeko eta bidaiatzeko nahikoa lortuko bagenu beteta sentituko ginateke.

3) Noiz esango duzue arrakasta lortu dugu?

Musika egiten bidaiatzeko aukera izatera helduko bagina, orduan esango nuke arrakasta lortu dugula. Honekin batera bizitzeko diru nahikoa lortuko bagenu lasai disfrutatu ahalko genuke musikaz. Amets guzti honetaz aparte jendeak gure musikaren disfrutatuko balu, “arrakasta lortu dugu” esango nuke lasai.

4) Kontzertu asko egin al dituzue Euskal Herritik kanpo? Sentitzen duzue kontzertu hauek ezberdinak direla?

Ba orain arte ez ditugu kontzertu gehiegi eman Euskal Herritik kanpo. Baina bi aste barru Japoniara goaz eta bertan ikusleak nola erantzuten ikusteko kuriositate handia daukagu. Orain arte egia esan igarri dugu jendea Euskal Herritik kanpo ezberdina dela. Hala ere Euskal Herrian herri batetik bestera desberdintasuna ikusten da. Errespetuaren eta kulturaren arabera asko aldatzen da jendearen jarrera.

5) Zeintzuk dira zuen talde gogokoenak?

Uf!! asko dira. Gaztetatik daramagu musika entzuten, eta ehundaka talde ezberdin gustuko ditugu. Hauek denetatik ezingo genuke bi edo hiru bakarrik hautatu. Hala ere 70. hamarkadako rocka eta 90. hamarkadakoa esango nuke direla gustukoen ditugunak.

6) Zein talderekin joko zenukete?

Jende jatorra den edozeinekin jotzeko prest gaude. Euskal Herrian talde on pila daude. Eta gehienak jatorrak dira. Kontzertuak konpartitzen jende asko ezagutzen da, musikak daukan beste alde polit bat da.