Gose-ri galdezka

October 29, 2008 · Print This Article

Ostiral hontan ikusteko aukera izango dugu hirukote hau CATen, beraien triki eta musika elektronikoarekin. Gogoratu Euskal Etxeko bazkide eta CATeko lagunek doan duzuela kontzertu interesgarri hau. Beraietaz gehiago jakiteko larunbateko 3.mailako euskara ikasleek galdera sorta prestatu dute.

GOSE

1. Gustatuko litzaizueke fusio bat egitea, adibidez, sardana eta jota baten artean?

Ez, errespetu falta bat izango litzateke! Gure asmoa ez da estiloak nahastea, soinuak eta instrumentuak nahastea baizik. Trikia ez dugu musika estilo bezala ikusten, guk instrumentu bezala erabiltzen dugu. Bere soinua da interesatzen zaiguna.

2. Katalanez abestiren bat kantatuko zenukete?

Bakoitzak berea sentitzen duen hizkuntzan abestu beharko luke. Norbaitek gurekin kolaboratzen duenean nahiago dugu berak amesten duen hizkuntzan kantatzea. Beraz, noizbait katalanen batek gure diska batean parte hartzen baldin badu, hark katalanez abestuko du, noski.

3. Zer pentsatzen duzue trikitiaren etorkizunari buruz?

Trikitixa estilo bezala diozu? Fandango eta Arin-Arin-a? Ba ez dakigu… DJ-ak ez dira erromeria munduan sartu oraindik, baina, argi ibili, oso merkeak dira eta esparru guztietaz jabetzen ari dira. DJ-ak etxeko jai baterako ondo daude baina bestela…

4. Pentsatu duzue zein koloretakoa izango den hurrengo diskoa?

Bai, ondo pentsatua daukagu, baina ez dizugu esango zein den, hori diska berria irtetzen denean jakingo duzu. Hori bai, ziur gaude GOSE-ren diskarik onena izango dela.

5. Zer uste duzue euskal musikaren eboluzioari buruz?

Euskal Herrian dagoen musika eskaintza oso zabala da, inoiz baino talde eta proposamen gehiago daude. Gainera zuzeneko zirkuitoari dagokionez gutxinaka haunditzen joan da; lehenago gaztetxeak genituen baina gaur egun horrez gain kultur etxe eta kafe antzoki ugari ditugu.

6. Trikitiarekin estilo guztiak jotzea ez da lan erraza izango ezta?

Guk, lehen esan dugun bezala, soinuak edo instrumentuak nahasten ditugu. Agian zailena nahasketa horrekin kanta on bat egitea da. Berdin da Fandangoa edo Hip-Hop-a izan, azken finean balio duena abestia da.

Comments

Escriu un comentari i sí vols posa un gravatar.
Komentario (iruzkin) bat idatzi eta nahi izanez gero gravatar bat jarri.